jueves, 24 de noviembre de 2016

ATLANTIKOKO ZEHARKALDIA (Mindelo-Dominica)

Cabo Verden egon naizela aipatzea, gezurra ez den arren, gehiegizkoa dela esango nuke. 24 ordu eskas egon ginen Mindelon. Ontzia garbitu, beharrezko erosketak egin, dutxatu, afaltzera joan eta lo egin, kitto! Dena oso modu prezipitatuan egin genuelako sentsazioa geratu zitzaidan gorputzean, aurreko egunetako nekea astindu eta, energia hartzeko modurik gabe apenas. Nire iritsiz, ondoren ekin behar genionari konfidantzaz eta eroso aurre egiteko ez zen hura modurik egokiena. Tira, ez dut nik esana asmatu: "kapitainaren agindua, lege da" (ni horren aldeko naiz, salbuespenak salbuespen. Dena den, eztabaida sakonerako gaia ematen du honek ...)
Iritsi eta hurrengo egunean, azaroaren 4a goizean, bada, irten ginen Mindelotik. Gas-oila hartu genuen lehen; Nealek hainbat bidoi zituen dagoeneko, guztiak beteta, baina beste lau erosi zituen, osinak betetzearekin batera bete egin genituenak ere. Hori eginda, esan bezala, atera ginen. 
Hasierako bi egunetan motorraz joan ginen, haizerik ez. Hurrengoetan, jib-arekin batera erabiliko genuen motorra, tarteka. Debora astiro zihoan. Esan daiteke denboraren joana, gutariko bakoitzak lemazain eman behar dituen orduen txandak gidatua dihoala, eta ez horrenbeste egunen joan-etorrien arabera. Esango nuke, ohituta gauden 24 orduko zati bidezko neurketa ez dela egokiena, edo behintzat ez inportanteena, honelako moduko zeharkaldi batean, non ez den apartekoa edo ezberdina egun batean egiten dena hurrengoan
egingo denetik. Lehenago ere hitz egin izan dut txanda edo "watch"-ei buruz, "Jean de la Lune"-ko esperientzia kontu izan dudanean. Hango watch-ak "errazak" izan ziren, ordea, honakoekin alderatuta; bizpahiru lagun egoten ginen, eta hoien artean, beti prestatuago zegoen pertsona bat, nabigazioaren alde erabakigarrien ardura hartzen zuena: norabide-zuzenketak; belak maneiatzea (altxa, jaso, aldatu...). Besteon egitekoa laguntza ematea zen. Honako watch hauek bestelakoak dira. Orain, gutariko bakoitza bakarrik dago leman, txanda egokitzen zaionean, eta beraz, arduradun da. Aukera probestuko dut watch-etako egitekoa zehazki azaltzeko, lehen egin ez bezala.
Watch:  begira, ingelesez. Eta hori da, hain zuzen, betebehar nagusia. Begiratu, adi egon, ontzia gidatzeko kontuei dagokionean zein ontziaz kanpokoei ere. Eta ontzia gidatzeaz ari garenean, belaontzi bat bada ere, ez da belak maneiatzea, edo ez hori bakarriK. Gehienbat, pantailatxoak begiratzea da. Gaur egun, edozein ontzi gidatzeko beharrezko tresneria erabiltzea suposatzen du watch-ak: GPS-a, erradarra, AIS-a, irratia, eta zailena iruditu zaidana, haizearen orratzari adi egon, haizeak nondik jotzen duen adierazten duena, eta horren arabera piloto automatikoan ezarririko norabidean zuzenketa txikiak egiten joatea. Umetan, baziren bideo-jolas batzuk, martzianoak saihestea edo eta akabatzea helburu zutenak; tira, bada, hoiek gustuko dituenak esango luke "que guay!"; baina haizea indarrik ia gabe jotzen duen uneetan 4/5 ordu egon behar denean pantailatxooi begira, kontua "guay" izatetik oso urrun geratzen da, sinetsidazue. Niri, watch-ak gehienbat gauez egitea egokitu zait, eta espero ez nuena zen gehien kostatuko zitzaidana, loari aurre egitea izango zela. Gauez esna mantentzea kosta, eta egunez ezin loak hartu. Horrela ibili naiz. Esan bezala, denborak aurrera egiten duenaren seinale adierazgarrienak, pantailatxo eta orratzetatik kanpoko gertaerek ematen zuten; zenbaitetan atseginak, arrain-hegalari, izurde edo txorien agertzea, kasu. Besteetan, berriz, ezusteko okerren bat da monotonia hori apurtzen duena, esaterako zeharkaldiaren hasieratik hona bitartean saihestu behar izan ditugun ekaitzak, edo larriagoa, irten eta bostgarren egunean, Mindelotik 600 bat miliatara dagoeneko, eduki genituen arazoak piloto automatikoarekin eta beste. Hoiek bai, hoiek, esnagarriak!
Arratsalde hortan bertan, patxadaz egon ginen solasean Neal, Luke eta hirurok, elkarrekin geundela iada hiru aste pasa zirela, eta Dominican egin nahiko genukeenaz... ez genuen imaginatzen handik ordubetera edo, elkarrizketa hori ilunduko zuen gertaera. Neal leman zegoen. Bat batean, Luke eta biok, ontzi barrutik, honek olatuen kontra danbateko bortitzak ematen zituela sentitu genuen, eta jarraian Nealen ahotsa entzun zen, guri deika "hey guys, we are in trouble!!". Piloto automatikoa ez zebilen, Nealek egiten zituen norabide-zuzenketek ez zuten inolako eraginik ontziaren kontrolean. Haizea eta olatuen menpe zegoen, erabat. Nola edo hala, haizearen kontra lortu zuen ontzia jartzea, eta orduan ikuskatu ahal izan genuen gertatutakoa: lemaren gida-gurpila eta piloto automatikoaren arteko engranajea lotzen zituen metalezko pieza txiki bat askatu zen. Eskerrak Lukek topatu zuela eta bere lekuan berriz jartzea lortu. Horretarako, baina, engranajeak lemarekin zuzendu egin behar ziren, eta horrek lema eskuz eustea suposatzen zuen. Nealek ontziaren atzekaldean, uraren pare-parean, lema-heldulekua ezarri eta mantentzen egon zen, Lukek aipaturiko pieza bere lekuan jarri bitartean. Ezin imajinatu zeinen lasai hartu genuen arnas piloto automatikoa berriz piztu eta ondo zebilela ikusi genuenean! Gutxi iraungo zigun poza, ordea. Handik tarte batera beste ezbehar bat eduki genuen: ontziaren txasia atzeko aldean eusten duten metalezko bi zutabeetako bat askatu egin zen, (boom-ak) eragindako tentsioaren ondorioz, antza, soldaduratik apurtuta. Horrek arriskutsu egiten zuen bela nagusia erabiltzea, ordurarte baino gehiago bederen, orain tentsio guztia beste zutabeak jasango bait zuen, eta txasia apurtzeko aukerak handiagoak ziren, beraz. Laburbilduz: putada berri bat. Une horretan ez nuen dagokion dimentsioa hartzen jakin, egiatan.
Burutik pasa zitzaidan gauza bakarra zera zen: "bueno, zeharkaldiaren laurden bat besterik ez dugu egin, hurrengoa zer izango da? Zulo bat? bela bat apurtzea?" Eta gure bidaiak, bilobei kontatzeko moduko istorio baten kutsu epikoa hartuz zihoala otu zitzaidan. Neure baitarako, aldiz, benetan arduratuta nengoen, horrelako pentsamenduak burutan ibili nituelarik hurrengo bi egunak.
Baina aurrera egin genuen, eta bela biekin soilik nabigatu izan gara une askotan, motorrik gabe; eta beste zenbaitetan nagusiarekin bakarrik, haize nahikorik ez zegoelarik jib-a zabaltzeko; eta haize bortitzegia egon den egunetan (reef-a) egin behar izan dugu nagusian (28 kt-eko haizea izan da eduki dugun indartsuena, ekaitza batek harrapatu gintuenean). Eta bukatuz goaz! gure helmugatik 374 miliatara gaude une honetan, eta oraingoan bai, Waitukubuli-n (Dominicako jatorrizko izena) egin nahi ditugun gauzetan pentsatzen iada: txangoak sumendiren bateko kraterrera, urpekaritza, agian bertan dagoen txokolate fabrika txiki bat bisitatu... mugitu, finean; zeharkaldian, apenas mugitu barik, gorputza gogortuko zaidala iruditzen zait eta!! Atzera begira jarrita, Gibraltarren hasi eta honaino igarotako denbora sinestezina egiten zait, egia esan. Lau aste pasa dira, eta burbuila honetan sartuta denbora luzatzen dela ematen badu ere, azkar pasatu zait. Mugitu gara, gero! Gibraltarren geundela, bi tapaki behar nituen gauean, lotarako. Bidaian aurrera, hegoalderantza eta mendebalderantza egin bitartean tapakiak kenduz joan naiz, izararik ere beharrik gabe lo egiteko, ezta kamisetarik ere egunean zehar.


Esan bezala, bukatuz goazen azken txanpa honetan, esperientzia honen inguruko gogoetak burura... Zeharkaldi honek, aparteko duen ezaugarririk oinarrizkoena distantzia da. Nik, bederen, aurrez egindakoekin alderatuta,  nabarmen distantzia luzeagokoa da. Hau egiteko, beraz, denbora gehiago behar da, logikoki. Eta  distantzia handi eta denbora tarte handitan, ezustekoak gertatzeko aukerak multiplikatu egiten dira, eta beraz arriskua ere. Eta gorago kontatu bezala, gertatu, gertatzen dira ezustekoak.
Beste alde batetik, esango nuke zeharkaldi honek utzi didan zaporerik gozoenetako bat zera dela: historikoki ezaguna den Alisio haizeen edo "Trade winds"-en garaia probesteko tradizioaren partaide izateko aukera eskaini dit. Hau, azken batean, Naturan ematen diren gertaera ziklikoetako bat ezagutzea eta zuzenean bizitzea suposatu izan du, erritual horren parte sentitu, nolabait. Nekazariak bezala, urtaroak ezagutu eta hoien arabera dakiela garai bakoitzean zer uzta den landatzeko egokiena. Hemen egin duguna ez da hain aktiboa izan, baina. Eramaten uztea izan da, ia, gure egitekoa.

miércoles, 23 de noviembre de 2016

KANARIAK-MINDELO (CAPE VERDES)

Denborarik apenas ez lehorrean, Kanarietan. Halabeharragatik, gainera, eta ez horrenbeste horretarako asmoa zegoelako. Tira, Lanzaroten Timanfaya bisitatzeko aukera izan genuen. Kotxe bat alokatu genuen marinan eta hara joan ginen goiz-pasa. Ikusgarria! Sumendi-jatorrizko irla hauetatik guztietatik, paisaia mota berezi horren adierazlerik hoberena, seguru asko: harria eta arearen kolore ilunak zeruaren urdin eta hodeien zuriarekin kontrastean, ilargitar ikuspegia benetan.
Txango hori, baina, egindako bakarra izan zen. Arratsalde horretan bertan erosketak egitera joan eta hurrengo egunean goizeko 4retan abiatuko ginen. Eta halabeharra orduan gertatu zen; Puerto Caleroko marinatik ateratzean ez genuen espero 7/8 egunetan lurra berriz ikusterik, Cabo Verdera iritsi artean, hain zuzen. Bada, Fuertebenturako azken argiak atzean uzten genituelarik, jib-an zerbait gaizki zebilela ohartu ginen, ezin zen bildu. Baina hori baino okerragoa izango zena, bela nagusiaren lehenengo reef-aren soka puskatu zen. Hori konpontzeko portu batera ezinbesten joan beharko genuen. Las Palmaserako bidea hartu genuen orduan. Han, portu barruan ainguratu genuen hurrengo egunera arte. Egun-argiaz, genoa ikuskatu eta ondo zegoela egiaztatu genuen. Arazo bat gutxiago. Reef soka berria behar genuen, dena den, eta agian hori jarriko zigun inoren laguntza ere. Nautika dendaren batera joan behar, beraz, eta Las Palmasen ez genuen lortuko laguntzarik, ARC-eko partaideekin gainezka egongo bait ziren hortan aritzen ziren guztiak. Gas-oila hartu genuen, beraz, eta Teneriferantza abiatu ginen.Oraingoan, aldeko haizea  apobetxatuz, Iparraldera jo genuen, Gran Kanaria inguraturik San Miguelgo marinara harturik,Tenerifeko hegoaldean. Dena jarraian joan zen han emandako denboran: goizean goiz iritsi eta, ontzia lotu bezain pronto autoa alokatu eta Santa Cruz de Tenerifera gidatu, nautika denda batera. Han soka erosita, Leroy Merlinetik pasa beste gauza bat erostera. Marinara bueltatu eta reef-a (eta komuna) konpontzen hasi. Atsedenik gabe eta eromen puntu batekin egin genuen guztia... Bukatu genuenerako ia gaua zen. Eskerrak hurrengo eguna behintzat lasaiago joan zela. Ondo lo egin, lasai gosaldu eta konponketekin jarraitu genuen. Eguerdi aldera,gehiago luzatu gabe, itsasoratu ginen. Aurreko egunean bete genituen gas-oilez osinak, beraz aurrera! oraingoan bai, zuzen Mindelorantza!


 https://drive.google.com/open?id=1-HaPDwOBIA_CeA8viAVFgbnORS4MTV9psQ


Ostirala. Bai horretan eta baita larunbatean motorraz joan behar izan genuen, haizea kontra. Igande goizean altxatu genuen jib-a, atzekaldetik, estribor aldera 160 bat gradutatik jotzen zuen NW haizea probestuz. 9/11 Kt inguruko indarrez jotzen zuen,xuabea oraindik  bela nagusia erabiltzeko. Hau astelehenean altxatu genuen, haizearen indarra 18/21 Kt-era igoaz batera. Orduan "wing & wing" ingelesez deitzen den eran jarri genituen belak; hau da, bakoitza alde batera zabalduta, haizea jasotzeko ahalik eta azalerarik handiena erabiliz. Pozik!  Haizearen magiaz bultzaturik etaabiadura onean gainera, 7/8 Kt bataz beste! Honek aldartea aldarazten du. Neuri bai, bederen; orduan hasten naiz egiten ari naizen honetan sinesten, eta horretaz disfrutatzen! Egun hauetan Cowes-eko bela-lasterketaren esperientziaz gogoratu naiz. Zeinen ezberdin biak, hura eta honakoa. Batean mugimendu bizkorrak belak aldatzeko, norabide aldaketa bakoitza ahalbidetuz: soketatik tira, winche-ari eragin edo eta ontziaren alboetara eskalatu. Distantzia luzeko bela-esperientzia honetan, aldiz, egonkortasuna da bilatzen dena; norabide aldaketa bortitzarik ez apenas, ez bada horixe zuzentzeko. Bietatik, azken hau astunagoa suertatzen dela esango nuke, batez ere "watch-keeping" uneak, hau da, ordu luzeko txanda egokitzen zaizunean lemazain, ontzia maneiatzeko aparteko eginkizunik gabe. Bestelako sorpresa onak ere baditu, beste aldetik; gaur agertu zaizkigun izurdeak, kasu. Hoiek saltoak! Edo eta izarrak ikusteko eskaintzen duen aukera paregabea; konstelazioak ikasten ari naiz pixkanaka! Eta bitxitasunen bat ere: gauez, ontziek edo arrainek uzten duten estelan ikus daitekeen fosforeszentzia, uretan bizi diren zizare txikitxoek sortua da, ura abiadura handian eragitearen ondorioz.
Tira, ona da bi esperientziak izatea. Bietatik dago ikasterik.abiadura onean gainera, 7/8 Kt bataz beste! Honek aldartea aldarazten du. Neuri bai, bederen; orduan hasten naiz egiten ari naizen honetan sinesten, eta horretaz disfrutatzen!
Egun hauetan Cowes-eko bela-lasterketaren esperientziaz gogoratu naiz. Zeinen ezberdin biak, hura eta honakoa. Batean mugimendu bizkorrak belak aldatzeko, norabide aldaketa bakoitza ahalbidetuz: soketatik tira, winche-ari eragin edo eta ontziaren alboetara eskalatu. Distantzia luzeko bela-esperientzia honetan, aldiz, egonkortasuna da bilatzen dena; norabide aldaketa bortitzarik ez apenas, ez bada horixe zuzentzeko. Bietatik, azken hau astunagoa suertatzen dela esango nuke, batez ere "watch-keeping" uneak, hau da, ordu luzeko txanda egokitzen zaizunean lemazain, ontzia maneiatzeko aparteko eginkizunik gabe. Bestelako sorpresa onak ere baditu, beste aldetik; gaur agertu zaizkigun izurdeak, kasu. Hoiek saltoak! Edo eta izarrak ikusteko eskaintzen duen aukera paregabea; konstelazioak ikasten ari naiz pixkanaka! Eta bitxitasunen bat ere: gauez, ontziek edo arrainek uzten duten estelan ikus daitekeen fosforeszentzia, uretan bizi diren zizare txikitxoek sortua da, ura abiadura handian eragitearen ondorioz. Tira, ona da bi esperientziak izatea. Bietatik dago ikasterik. Baita geografia ere! Mauritaniako kostaldean behera gabiltza orain, Maroko eta Mendebaldeko Saharako kostaldeak igarota. Mindelotik 263 milatara Ipar-Ekialdera. Ostegun eguerdirako, haizea alde, aurreikusten dugu hara heltzea. Horrela espero!


https://drive.google.com/open?id=1sd-fwkOIqzCbQDorbXzTO5mbF7e53CoyFw