viernes, 23 de septiembre de 2016

COWES YACHT H(e)AVEN



Les Sables d'Olon-en egon ginen Cowes-era etorri aurretik. Biak hala biak bela-nabigazioan tradizio luzeko lekuak dira; biak hala biak jolas-ontzi portu garrantzitsuak Europa mailan eta baita maila internazionalean ere; biak hala biak jarduera honen giro nabaria dute. Bakoitzak, baina, berezko kutsua du. Les Sables d'Olon-i frantsez fintasun elegante baina aldi berean pixkat urruna dario; Cowes-i, berriz, britainiar berezitasun zurruna, baina lagunkoia. Hori da gutxienez nik antzeman izan dudana. Heaven, bai, belarako paradisua otutzen zait Cowes, berton bizi izandako esperientziaren ostean. Jolas-ontzien jarduera etengabea dago Wight irlako iparraldeko puntu honetan: hona heldu ginen asteko asteburuan motor-ontzien lasterketa bat ozpatu zen. Hurrengo aste osoan Nazioarteko bela-lehiaketa egon zen, eta asteburu horretan ere belaontzi-lasterketa (race). Hemen eduki dut ontzi handi batean bizi eta praktikatzeko lehen aukera, eta baita, eta hori izan da niretzako hunkigarriena, aipatutako "race" horretan parte hartzeko parada. Benetan itzela!! Telebistan edo erreportajeren batean ikusiriko irudi harrigarri horietan helarazten den sentsazio sakona bizi izan dut. Haizea eta euria, itsasoko ura bezain beste, nire azalean; norantza aldaketa bakoitzean (tack) winche-ari eragin, bela nagusiaren mugimendua kontrolatzen duen sokatik tira edo hura laxatu, edo eta ontziaren alde batetik bestera "eskalatzea" alboko mugimendu bakoitzean; eta skipper-aren agindu bakoitzari adi, harek "-ready to tack... tack!!... and release!!" esaten zuenarekin batera ahal bezain azkar aritzeko prestu. Paregabea!! Esperientzia hunkigarria eta aldi berean bela-nabigazioan aritzeko gaitasunak bereganatzeko modu ezin hobea. Ez hori bakarrik. Hainbat pertsona ezagutzeko aukera suposatu du ere niretzako Coweseko egonaldia. Hoietako batzuk benetan interesgarriak nire bela-heziketarako. Lehenik eta behin Mike. Alde batetik bestera "delibery"-ak egiten aritzen da eta nahi izanez gero, bere eskutik bela-munduan muturra sartzeko aukera izango nuke, edo behintzat lagunduko lidake.

Rod ere, Mike ez bezala hurak ez du horren heziketa sakonik nabigazioan, baina belaontzi bat partekatzen dute Zelanda Berrian eta iada luzatu dit hara nahi dudanean joateko gonbitea, haiekin nabigatzeko zein bestela ere, denboraldi bat han pastzera. Ez dakit Ozeaniako pertsona guztiak berdin jokatzen ote duten, baina Tristan gogorarazten zidan Rodek! Bata Zelanda Berrikoa eta australiarra bestea, baina beti konpontzeko zerbait eskutan biek, arropa eta eskuak zikin. Jonathan Martin ere ezagutu egin nuen, justu nik alde egin nuen unean hura iritsi zen, bera bakarrik, bere belaontzian. Eskua estutzeko baino ez nuen astirik izan, ferrya hartu behar nuen eta, baina merezi izan zaidan bostekoa izan zela uste dut, hura bezalako bagagea duen pertsona nekez ezagutzen bait da.





No hay comentarios:

Publicar un comentario