domingo, 28 de agosto de 2016

KRESALA ETA ESPIRALAK


Ostera Gasteizerako bidean nago. 17:28 Barne-itsaso txiki hau ixten duen La Mangako lur-mingain luzexka igaro du dagoeneko autobusak eta mendixka batzuen irudia agertzen hasten da ezkerraldean, piper landaketak, plastikozko tunelak tarteka. Opor-eraikinak eskuinean, landaketa gehiago, eta eremu lehor amaiezinak. Apenas astebete eta erdi pasa da alde egin nuenetik eta haruntza narama berriz ere bizitzaren zurrunbiloak sortaraziko haizeak.

Ez nuen hau buruan, inondik inora. Hau egitea atzerapausoa litzatekeela iristen nuen atzo bertan goizaldean, jokoaren irteera-laukira itzultzea; arratsaldean, horrekiko onarzaleago sentitzen hasia nengoen; gauerako, berriz, neukan aukerarik egokiena horixe zela pentsatzen nuen. Eta hara! Mediterraneoaren itsasgora eta itsasbeherei neurria hartu baino askoz lehenago, English Channel-eko uretakoa hartu izango dudala ematen du, Wight uharte aldean!

Pentsamendu eta ideiak, hoien alderaketak, erabakiak hartu... hoiek guztiak beste pertsonen iritzien ekarpenekin aberastu. Aurreko egunetan pasa zidaten kontaktu baten proposamenari jarraituz prestatu egin nuen atzo belaontzi-klubetako bulegoetan zein pantalanetako ateetan jarririko oharra, neure burua bela-bidaietarako gertu eta prest aurkeztuz. Mike-k proposamen hura egin ez balit, ez dakit nik neuk bulkada hori edukiko ote nukeen. Beste lagun batekin honi buruz sakon aritu izan naiz, hain juxtu, egunotan. Asmoak, ideiak, hauekin egiten ditugun jira-birak.. eta besteekin harremanetan, eta hoien eraginean, hasierako ideia eta pentsamenduetan egiten ditugun moldaketa eta egokitzapenak. Espiralak, lagun haren hitzetan.

Beste era batera izango zen, duda gabe, geratzea erabaki izan banu. Baina erabakiak erabaki, gauza baten hautua egiten dugunean, beste zerbait atzean usten dugu, halabeharrez. Ate bat zabaldu, beste bat itxiz. Eta hori egin dut. Mikeren jarrera hain aldekoa ikusiz, bere eginahalak ni laguntzeko zelako plan interesgarria jartzen zidaten eskura, horren alde egin behar nuela sentiarazi zidan. Hara noa, bada, beste eskenatoki batean antzeko antzezpena egiten gai ote naizen ikustera!

No hay comentarios:

Publicar un comentario