domingo, 28 de agosto de 2016

KRESALA ETA ESPIRALAK


Ostera Gasteizerako bidean nago. 17:28 Barne-itsaso txiki hau ixten duen La Mangako lur-mingain luzexka igaro du dagoeneko autobusak eta mendixka batzuen irudia agertzen hasten da ezkerraldean, piper landaketak, plastikozko tunelak tarteka. Opor-eraikinak eskuinean, landaketa gehiago, eta eremu lehor amaiezinak. Apenas astebete eta erdi pasa da alde egin nuenetik eta haruntza narama berriz ere bizitzaren zurrunbiloak sortaraziko haizeak.

Ez nuen hau buruan, inondik inora. Hau egitea atzerapausoa litzatekeela iristen nuen atzo bertan goizaldean, jokoaren irteera-laukira itzultzea; arratsaldean, horrekiko onarzaleago sentitzen hasia nengoen; gauerako, berriz, neukan aukerarik egokiena horixe zela pentsatzen nuen. Eta hara! Mediterraneoaren itsasgora eta itsasbeherei neurria hartu baino askoz lehenago, English Channel-eko uretakoa hartu izango dudala ematen du, Wight uharte aldean!

Pentsamendu eta ideiak, hoien alderaketak, erabakiak hartu... hoiek guztiak beste pertsonen iritzien ekarpenekin aberastu. Aurreko egunetan pasa zidaten kontaktu baten proposamenari jarraituz prestatu egin nuen atzo belaontzi-klubetako bulegoetan zein pantalanetako ateetan jarririko oharra, neure burua bela-bidaietarako gertu eta prest aurkeztuz. Mike-k proposamen hura egin ez balit, ez dakit nik neuk bulkada hori edukiko ote nukeen. Beste lagun batekin honi buruz sakon aritu izan naiz, hain juxtu, egunotan. Asmoak, ideiak, hauekin egiten ditugun jira-birak.. eta besteekin harremanetan, eta hoien eraginean, hasierako ideia eta pentsamenduetan egiten ditugun moldaketa eta egokitzapenak. Espiralak, lagun haren hitzetan.

Beste era batera izango zen, duda gabe, geratzea erabaki izan banu. Baina erabakiak erabaki, gauza baten hautua egiten dugunean, beste zerbait atzean usten dugu, halabeharrez. Ate bat zabaldu, beste bat itxiz. Eta hori egin dut. Mikeren jarrera hain aldekoa ikusiz, bere eginahalak ni laguntzeko zelako plan interesgarria jartzen zidaten eskura, horren alde egin behar nuela sentiarazi zidan. Hara noa, bada, beste eskenatoki batean antzeko antzezpena egiten gai ote naizen ikustera!

sábado, 20 de agosto de 2016

"MINUET"-en dantzan

Hemen gaude oraindik ere, Mazarrongo portuan. Gauzak areago okertuz joan dira, baldin eta oker bazeuden iada ni iritsi nintzenerako. Edo agian nirekin batera etorri da zoritxarra, batek daki... kontua da espero baino konponketa gehiago egin behar izan direla Kevinen ontzian, eta hauek luzatzen ari direla. Ez da makala gero, belaontzi bat edukitzeak dakarren mantenua, eta honen gastua! Dena da artifizialdua, azken batean; hau da, gizakion egungo lehorreko erosotasun eta ongizatea itsasoaren girora eramana. Horrela, etxebizitza baten nolabaiteko erreprodukzioa egiten da horrelako ontzietan, eta horrek dakartzan arazoak konpontzea zailago suertatzen da. Ikusi besterik ez dago zenbat gremio pasa diren ontzitik ni nagoenetik igarotako egun hauetan: iturginak, margolariak, zurginak, belagileak. Horrez gain portuko agintaritza eta maila desberdinekin hitz egin behar dago, bai bertan porturatu nahi bada eta baita konponketaren bat egiteko ere. Bada, gauetik goizera, hori guztiaren erdian aurkitu dut neure burua, zer eta idazkari, aholkulari eta itzultzaile lanak egiten! Ni!! 
Horrela, hara eta hona ibiltzea tokatu zait, Kevini lagunduz (edo haren ordezkari joanez), hitzorduak adostu eta, batez ere (eta okerrena): zain egon. Hau edo bestea etortzeko zain, gauza baten konponketarekin bukatzeko zain, beste inoren deiaren zain  
Egun hauetan gremio guztien buru edo langileekin kontaktuan egon naiz: Pedro eta Fernando iturginak; Joaquin, belagilea; Pedro (beste bat) eta Andres, portuko langileak, ontziak garbitu eta margotu egiten dituztenak; Antonio, masta konpontzera gaur goizean etorri dena eta azkenik bai berak eta bai guk espero genuena baino gauza gehiago konpondu izan dituena, goizetik arratsaldera arte luzatuz. Eta gero Isabel dago, portuko kapitainzaintzako idazkaria; Beste emakume bat, arrantzaleen kofradiako idazkaria, zeini portuan egindako konponketak ordaindu behar zaizkion. Nabigatzen hasi (eta ikasi) ordez, Mazarrongo portuko eta oro har Cartagena inguruko itsasgintza arloko langileen ikerketa soziologikoa egin beharko nukeela emango luke... 
Beste aldetik, ordea, eta langileetako batek baino gehiagok aitortu bezala: eskerrak etorri naizen! Bestela ez dakit zelan moldatuko ziren Kevin eta langileak elkar komunikatzeko. Izan ere, hura ingelesez besterik ez daki, eta langileek, gaztelaniaz baino ez. Tira, nire aitona izan zitekeen gizon honi laguntzeko erantzukizun bulkadari jarraitu diot eta lanak bukatu arte egongo naiz, ea Baleareetara iristeko, ala Katalunyako kostaldera, edo gutxienez Mazarronetik belaontziz ateratzeko aukerarik dudan; bestela, gogoak benetan eskatzen didanari jarraituz "Bye!" esango nioke Kevini. "Good luck, but I can´t stay any longer..."


Baina ez, esan bezala, ontziko kontuak konpontzen zaizkion artean behintzat berarekin egongo naiz. Egin dezakedan gutxiena dela uste dut, hura niganako eduki duen jarrera ona kontuan hartuz: hona iritsi aurretik ere esan zidan ez nuela ezertxo ere ordaindu beharrik izango portuko eta fuel gastuengatik. Eta hori asko da, belaontzi-planak partekatzeko eskaintzetan eskatu ohi diren diru-ekarpen neurrigabeak ezagututa!
Tira, bihar fuel bila joango gara hemendik gertuko portu batera. Espero dezagun atzo egindako komuneko konponketak arazo gehiagorik ez sortzea, eta ordurarte ontzia ur gainean mantentzea, konketaren irteera zulotik kanpoko ura sartu gabe, ondoratu eta Minuet urpekuntzi bihurtuz, gu barruan!!




lunes, 15 de agosto de 2016

BANOA

Azkenik iritsi da eguna. Etxetik alde egitea behar baino gehiago atzeratu da baina azkenik gaur gauean hartuko dut Mazarrongo porturako bidea. Pixkat agonikoa izan da irteera heltzeko zain egondako denbora hau, nahi-eta-ezinezko sentsazioak hartuta. Ezaguna zait baten batek nahiago lukeela ni ontziratuko ez banintz, eta otu zait agian hurak bidalitako energia txarrak eraginda hondatuko zela belaontzia... Tira, ekaitzak, itsaslamia gaiztoak eta bestelako kalteak suertatzen zaizkidanean soilik hasiko naiz arduratzen!
Beste aldetik, ono etorri zait egun batzuk gehiago luzatu izana hemen, Gasteizen. Gaizkiulerturen bat argitzeko, zenbait lagun behar bezala agurtzeko eta bidaiarako ondo etorriko zaizkidan gauza pare bat eskuratu eta atontzeko aukera izan dut.
Oraingoan bai, beraz. Benetako agurra da. Ikusi arte, jende. Musu handi bat eta ondo izan!